Eñaut Lasarte
Eñaut Lasarte (834) |
Joan den larunbatean Ordizian egin zen Kaleratze probari buruzko
kronika egingo dut. Azken urteetan, B/SS, maratoi erdi, mendi lasterketa eta
lasterketa herrikoi ugari egin eta gero, aurten federatu eta pista probatzeko
asmoa nuen. Denboraldi hasieran lesionatu eta bost hilabete gogor igaro
ondoren, Hernani taldearekin federatu eta azken bi hilabate hauetan 800 eta
1500eko probetan aritzea espero dut, Florianen gidaritzapean.
Larunbatean Ordizian izan nintzen. Duela
bi urte bezalaxe, Emaneurre Taldeak Goierriko
zazpi Orduak deituriko ekitaldia antolatu zuen. Arratsaldeko
bostetan hasi eta gauerdiraino kirol proba ezberdinez gozatzeko aukera egon zen
Ordiziako Beti-Alai pilotalekuaren inguruan.
Argazkiak: Goieriko Hitza |
Arratsaldeko bostak pasata Kaleratze
proba deiturikoa egin zen, eta horretan zentratuko naiz post honetan. Gaur
egun, lasterketa herrikoi ugari egon arren, lasterketa
bitxi eta xarma berezikoa izan zen honakoa. Probaren xehetasunei dagokienez,
Beti-Alai pilotarekuaren kanpoan egin zen, eta 200 metro inguruko itzuli labur
batez osatuta zegoen. Hasierako 100 metroak beheruntz ziren eta 180 graduko
bihurgunea hartu ondoren beste 100 metro egin behar ziren goruntz.
Proba hau txirrindularitzako eliminazio
proban zegoen oinarrituta, baina kasu honetan itzuli bakoitzeko azkena
kaleratua izango zen. Duela bi urte ez bezala, itzuli bakoitzaren amaieran
minutu bateko atsedena zegoen eta asko zirudien arren, hauspoa bero-bero eginda
iritsitakoan ziztu bizian pasatzen zen minutua. Arnasari buelta emateko nahiko
lan.
Maila handiko lasterketa zenez,
estrategiak garrantzi dexente zuen eta lurzorua bustita zegoenez bihurgunea
arriskutsu xamarra zen. Aipatu beharra dago jende mukuru hurbildu zela proba
ikustera.
Neskak lehenengo itzulian |
Lehenik, nesken lasterketa egin zen, eta
sei parte hartzaile izan ziren irteera puntuan. Ibañez ahizpak izan ziren
kaleratutako lehenengo neskak, Maria eta Uxue. Hurrengo itzulian, Nerea
Galparsorok ezin izan zuen gainontzekoen erritmoa jarraitu eta Ana Garcia
hirugarren sailkatu zen. Finala ikusgarria izan zen, Amaia Segurola eta Lorea Ayala
nor baino nor ibili ziren, eta oso gutxigatik izan bazen ere, Amaia Segurola
gailendu zen, duela bi urte hirugarren izandakoa.
Adel Ben Miloud beti aurrean |
Mutilen lasterketa egin zen neskena
amaitutakoan. Aitor Etxeberriak, duela bi urteko garaileak, ezin izan zuen
garaipena defendatu azken asteetan gaixorik ibili eta gero. Hala ere, goi
mailako zortzi partaide eta neroni izan ginen dena emateko prest. Gipuzkoako
800 eta 1500 metrotako atleta onentsuenak egonik argi zegoen hasieratik ezpata
zorroztuta eraman behar zela.
Lehenengo itzulian, Unai Hernandez izan zen
kaleratua, duela bi urte hirugarren geratu bazen ere, aurten pista baztertuta
dauka eta agian txispa hori falta izan zitzaion. Ondorengo itzulietan, Dayber
Losada, Imanol Peso, ni neu eta Jon Sansinenea izan ginen kaleratuak, hurrenez
hurren. Hain ibilbide laburra izanda suangila bezala ibili beharra zegoen
zirrikituak aurkitu eta aurrera egiteko. Laugarren postuan Jon Murua, Hernaniko
korrikalari gaztea, sailkatu zen. Aurreko astean 800 metroko proban 2.00.00
eginda forma onean dagoela erakutsi zuen eta ziur aurten 2 minutuko langa
apurtuko duela. Hirugarren postuan Sergio Garcia sailkatu zen, eta
finalean Adel Ben Miloud eta Joxe Mari Peso izan ziren.
Joxe Mari Peso eta Adel Ben Miloud |
Finala ikusgarria izan zen nesketan
bezalaxe, eta azkenean Adel Ben Miloudek, 18 urteko gaztea (1:57.79 800 metrotan), herrian arrakastaren ur aparra
ezagutu zuen. Hasiera guztietan basakatua bezain erne ibili zen, eta ondo
kontrolatu zituen lasterketaren erronda ezberdinak.
Nire lasterketari dagokionez, argi
neukan ni baina maila handiagoko korrikalariak zeudela, eta hori dela eta,
hasieratik arriskatzea erabaki nuen ahalik eta erronda gehien pasa ahal
izateko. Nahiko ibilbide estua zen, eta bihurgunera aurrean iristea nahiko
garrantzitsua zen. Horren jakitun, lehenengo hiru errondetan Adel Ben Milouden
hasiera bortitzari jarraitu eta bihurgunea bigarren postuan hartu eta gero,
igoeran egoera kontrolatzen ibili nintzen.
Laugarren errondan, ordea, garesti
ordaindu nuen hasierako joa, eta hasiera trakets xamarra egin eta gero, azkena
iritsi nintzen bihurgunera. Gogor saiatu banintzen ere, ezinezkoa izan zen
sailkatzea. Hala ere, nahiko gustora gelditu nintzen egindako lanarekin eta
kontuan hartuta oraindik ez nagoela nire sasoi onenean, pozik geratu nintzen.
Azkenik, eskerrak eman Egoitz Iztuetari
eta Emaneurre taldeari horrelako proba bat antolatzeagatik. Espero dezagun
azkena ez izatea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario