sábado, 23 de abril de 2016

Goierriko 7 orduak 2016. Kaleratze proba

Eñaut Lasarte

Eñaut Lasarte (834)
Joan den larunbatean Ordizian egin zen Kaleratze probari buruzko kronika egingo dut. Azken urteetan, B/SS, maratoi erdi, mendi lasterketa eta lasterketa herrikoi ugari egin eta gero, aurten federatu eta pista probatzeko asmoa nuen. Denboraldi hasieran lesionatu eta bost hilabete gogor igaro ondoren, Hernani taldearekin federatu eta azken bi hilabate hauetan 800 eta 1500eko probetan aritzea espero dut, Florianen gidaritzapean.

Larunbatean Ordizian izan nintzen. Duela bi urte bezalaxe, Emaneurre Taldeak Goierriko zazpi Orduak deituriko ekitaldia antolatu zuen. Arratsaldeko bostetan hasi eta gauerdiraino kirol proba ezberdinez gozatzeko aukera egon zen Ordiziako Beti-Alai pilotalekuaren inguruan. 

Argazkiak: Goieriko Hitza
Arratsaldeko bostak pasata Kaleratze proba deiturikoa egin zen, eta horretan zentratuko naiz post honetan. Gaur egun,  lasterketa herrikoi ugari egon arren, lasterketa bitxi eta xarma berezikoa izan zen honakoa. Probaren xehetasunei dagokienez, Beti-Alai pilotarekuaren kanpoan egin zen, eta 200 metro inguruko itzuli labur batez osatuta zegoen. Hasierako 100 metroak beheruntz ziren eta 180 graduko bihurgunea hartu ondoren beste 100 metro egin behar ziren goruntz. 

Proba hau txirrindularitzako eliminazio proban zegoen oinarrituta, baina kasu honetan itzuli bakoitzeko azkena kaleratua izango zen. Duela bi urte ez bezala, itzuli bakoitzaren amaieran minutu bateko atsedena zegoen eta asko zirudien arren, hauspoa bero-bero eginda iritsitakoan ziztu bizian pasatzen zen minutua. Arnasari buelta emateko nahiko lan.

Maila handiko lasterketa zenez, estrategiak garrantzi dexente zuen eta lurzorua bustita zegoenez bihurgunea arriskutsu xamarra zen. Aipatu beharra dago jende mukuru hurbildu zela proba ikustera. 

Neskak lehenengo itzulian
Lehenik, nesken lasterketa egin zen, eta sei parte hartzaile izan ziren irteera puntuan. Ibañez ahizpak izan ziren kaleratutako lehenengo neskak, Maria eta Uxue. Hurrengo itzulian, Nerea Galparsorok ezin izan zuen gainontzekoen erritmoa jarraitu eta Ana Garcia hirugarren sailkatu zen. Finala ikusgarria izan zen, Amaia Segurola eta Lorea Ayala nor baino nor ibili ziren, eta oso gutxigatik izan bazen ere, Amaia Segurola gailendu zen, duela bi urte hirugarren izandakoa.

Adel Ben Miloud beti aurrean
Mutilen lasterketa egin zen neskena amaitutakoan. Aitor Etxeberriak, duela bi urteko garaileak, ezin izan zuen garaipena defendatu azken asteetan gaixorik ibili eta gero. Hala ere, goi mailako zortzi partaide eta neroni izan ginen dena emateko prest. Gipuzkoako 800 eta 1500 metrotako atleta onentsuenak egonik argi zegoen hasieratik ezpata zorroztuta eraman behar zela. 

Lehenengo itzulian, Unai Hernandez izan zen kaleratua, duela bi urte hirugarren geratu bazen ere, aurten pista baztertuta dauka eta agian txispa hori falta izan zitzaion. Ondorengo itzulietan, Dayber Losada, Imanol Peso, ni neu eta Jon Sansinenea izan ginen kaleratuak, hurrenez hurren. Hain ibilbide laburra izanda suangila bezala ibili beharra zegoen zirrikituak aurkitu eta aurrera egiteko. Laugarren postuan Jon Murua, Hernaniko korrikalari gaztea, sailkatu zen. Aurreko astean 800 metroko proban 2.00.00 eginda forma onean dagoela erakutsi zuen eta ziur aurten 2 minutuko langa apurtuko duela. Hirugarren postuan Sergio Garcia sailkatu zen, eta finalean Adel Ben Miloud eta Joxe Mari Peso izan ziren.

Joxe Mari Peso eta Adel Ben Miloud
Finala ikusgarria izan zen nesketan bezalaxe, eta azkenean Adel Ben Miloudek, 18 urteko gaztea (1:57.79 800 metrotan), herrian arrakastaren ur aparra ezagutu zuen. Hasiera guztietan basakatua bezain erne ibili zen, eta ondo kontrolatu zituen lasterketaren erronda ezberdinak.

Nire lasterketari dagokionez, argi neukan ni baina maila handiagoko korrikalariak zeudela, eta hori dela eta, hasieratik arriskatzea erabaki nuen ahalik eta erronda gehien pasa ahal izateko. Nahiko ibilbide estua zen, eta bihurgunera aurrean iristea nahiko garrantzitsua zen. Horren jakitun, lehenengo hiru errondetan Adel Ben Milouden hasiera bortitzari jarraitu eta bihurgunea bigarren postuan hartu eta gero, igoeran egoera kontrolatzen ibili nintzen.

Laugarren errondan, ordea, garesti ordaindu nuen hasierako joa, eta hasiera trakets xamarra egin eta gero, azkena iritsi nintzen bihurgunera. Gogor saiatu banintzen ere, ezinezkoa izan zen sailkatzea. Hala ere, nahiko gustora gelditu nintzen egindako lanarekin eta kontuan hartuta oraindik ez nagoela nire sasoi onenean, pozik geratu nintzen.

Azkenik, eskerrak eman Egoitz Iztuetari eta Emaneurre taldeari horrelako proba bat antolatzeagatik. Espero dezagun azkena ez izatea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario